Goierri eskualdea osatzen duten herriak ongi ezagututa, argi ikusi dugu eskualde mailako lankidetza eta interkooperazioa beharrezkoak direla halako proiektuak benetan eraginkorrak eta iraunkorrak izateko. Horregatik, Goierrigintza izeneko proiektu hau ari gara lantzen. Goierriko herri guztiak bateratuko dituen energia komunitatea sortzea dugu helburu, eragile guztien artean lankidetza estuan jardunez, eskualdearen etorkizun energetikoa modu kolektiboan bermatzeko.

Proiektu honek jasangarritasuna, ingurumenarekiko errespetua eta energia-burujabetza sustatzeaz gain, Goierriko eskualdean eredu berritzaile eta erreplikagarri bat ezartzea du xede. Elkarlana eta interkooperazioa oinarri hartuta, bi kooperatibek – Hitzarrek eta Biziolak – bat egin dugu, gure indarrak eta ezagutzak uztartuz, eskualdeko herritar, instituzio eta enpresen energia-beharrei modu kolektiboan eta iraunkorrean erantzuteko.

Proiektuak, hasiera batean, komunitate mailan energia berriztagarrien erabilera bultzatzen duen eredua ezartzea du xede. Eredu honek, herritar, instituzio eta enpresen parte-hartzea sustatzeaz gain, energia-pobrezia murriztea eta aukera-berdintasuna bultzatzea du helburu, kalteberatasun energetikoa jasaten duten kolektiboak proiektuaren muinean jarriz.

Gainera, proiektu hau ez da soilik energia berriztagarrien arloko ekimena, baizik eta eskualdeko baliabideen kudeaketa integrala planteatzen du, betiere ingurumena errespetatuz eta tokiko ekonomiaren sustapena lehenetsiz. Hori lortzeko, tokiko erakunde, kooperatiba, enpresa eta gizarte eragileekin lankidetza estua garatu nahi dugu, elkarren artean sinergiak sortuz eta eskualdean eragin positiboa sortuz.